Hezkuntza Herriarentzat!

2012/03/13

Ekialde batxilergoko ikasleek prentsaurrekoa burutu dute euren minimoak aldarrikatzeko






Aurreko ostegunean, martxoak 8, emakumearen nazioarteko eguna zen, baina Ekialdea institutuaren egutegian klase egun arrunt gisa zegoen markaturik.

Ikasleok ez dugu guk garrantzizko deritzegun gaietan gure denbora inbertitzeko aukeramenik, eta hala, muzinik egin gabe gera ezin gintezkeela pentsatzen genuenez, zenbait ikaslek paro konbokatoria luzatu genuen bide bakartzat harturik, proposamenak ikaslegoaren baiezko borobila jaso zuelarik.

Ekialde I-eko ikasleek ere martxoak 8 aldarrikapen eguna dela argi utzi zuten, baina paro deialdia egiteko eskubiderik ere ez dutenez bide alternatibo bat bilatu behar izan zuten. Hala, ekialde II-ko ikasleok laguntzea erabaki genuen, eta hala, ikastetxeko gimnasioa okupatu genuen guztion artean borroka egun hau igarotzeko.

Azpimarratu nahiko genuke egun honetan ikasleon partaidetzak izan zuen arrakasta. Izan ere, paroak beti ikusi dira “jai egun” gisa, baina Ekialdek argi utzi zuen martxoak 8 aldarrikapen egun gisa duela. Bestalde,zuzendaritzak izan zuen jarrera salatu nahi dugu. EkialdeI-era iristean, ateak itxi zizkiguten ikastetxeko kideak izanik eta hesia gainetik igarotzera behartu gintuzten. Gainera, mehatxuak jaso genituen oihu artean, “zuen aurka aurrez aurre aurkituko gaituzue” bezalako astakeriak entzun genituen. Eta zenbait ikasle ikasbidaiarik gabe geratuko zirelako mehatxuak jaso zituzten. Hala eta guztiz ere, ikasleok argi geneukan aurrera jarraituko genuela, eta hala, elkarrengandik ikasteko aukera izan genuen zenbait tailer burutuz.

Dena den, gure aburuz, paro konbokatoria bat ez da aproposena horrelako ekintzak burutzeko. Izan ere, ikasleok askatasunez aukeratu behar dugu gure denboraren erabilpena, kanpo edo barne faktoreek baldintzatzen ez gaituztelarik.

Horren arira, aurreko ostiralean martxoak 9 Diocesanas Nievescano institutuko ikasleek egindako kontzentrazio jendetsuan haien eskubideen egoera tamalgarria salatu zuten eta minimo batzuen beharra kaleratu zuten.

Guk ere eskaera bera egiten dugu gaur publikoki. Kalitatezko hezkuntza bat ziurtatzeko minimo batzuk ezinbestekoak direla argi dugu, eta gure kasuan, autonomi falta handia dugula ikusten dugu. Garrantzizkoak diren ala ez diren ezagutzen arteko ezberdintasuna ikusteko gai garela argi dugu, eta beraz, guk geuk erabaki behar dugula gure denborarekin zer egin argi dugu.
----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Hau dela eta honako baldintzen beharra aldarrikatzen dugu batxillergoko ikasleok:

-Hutsegite kopuru minimo baten finkapena
Ulertzen dugu ikasleen asistentzia bermatu beharra dagoela gure batxillergoa prezentziala denez gero, baina gure denboraren gestioan independentzia handiagoa behar dugula aldarrikatzen dugu. Azken finean, guk erabaki dugu ikasten jarraitzea, eta ikasketak gustora eta askatasunez burutu nahi ditugu. Gure proposamena asistentzia kopuru minimo bat ezartzea da, eta kopuru horretatik at geratzen den denbora guk nahi bezala erabili ahal izateko autonomia eduki behar dugula deritzogu.

-Hitzaldiak eman ahal izatea
Hezkuntzak jorratzen dituen gaietatik at badaude arlo anitz ikasleok jakin nahi ditzakegunak. Hauen lanketa ez duela zertan aurreplangintza batean egon deritzogu zenbaitetan espontaneoki sor baitaitezke. Gure ustez hitzaldiak nahi beste aldiz eman beharko lirateke kurtsoan zehar, eta ikasleok aukeratuko dugu zer den nahiago duguna. Gure denbora zertan nahi dugun inbertitu guk beste inork ez daki hobe.


Hezkuntza duin eta kalitatezkoa jasotzeko minimo hauen beharra ezinbestekoa dugula azpimarratzen dugu. Ez dira gure kapritxoak asetzeko nahi ditugun baldintzak, ezta gutxiago ere. Gure formakuntza pertsona gisa zuzena izan dadin beharrezkotzat ditugun minimoak dira, pertsona aske eta kritikoak izateko behar ditugunak.

Hezkuntza sistema honek ez dituelako gure beharrak asetzen

Duintasunez bizi ahal izateko duintasunez hezi behar dugulako

Hezkuntza honek iraultza behar duelako

GORA HEZKUNTZA HERRIARENTZAT!

GORA IKASLERIA!

No hay comentarios:

Publicar un comentario